XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Esan beharra dago hemen, unibertsitatean eta aurrezki-kutxetan euskara, neurri batean bada ere, sartu den arren, enpresaren mundua atzera geratu dela eta hor landu beharreko alor zabal eta sakona dagoela.

Hirugarren, azken urteetan izugarri aldatu dena lan egiteko modua bera da. Gainerako aldaketa guztiek dute eragina lan egiteko moduan eta eragin guzti horiek batuta, salto itzela eman da urte gutxian euskal hiztegigintzan.

Izan ere, aspaldi sartu ziren historian eskuz egindako fitxaz betetako fitxategiak eta zapata-kaxak, baina ez da ahaztu behar hasieran aipatutako hiru hiztegiak behintzat horrela landu behar izan zirela, artean ordenadoreak urrun samar zeudelako, Finantzak hiztegia egin zenerako lanen bat edo beste ordenadorez egin bazitekeen ere.

Harrezkero ezagutu den mekanizazioak laguntza handia ekarri du lanaren edukiaren kontrolean eta lan erdi-mekanikoetan (sarrerak ordenatu, zerrendak prestatu,...). Horri esker dezente laburtu da hiztegia burutzeko behar den denbora eta kalitatean ere irabazi da.

Denbora laburtzea alabaina, ez zaio mekanizazioari bakarrik zor. Euskalgintza ere gero eta gehiago sartu da produkzioko estandarretan eta, horrela, epeak, aurrekontuak eta bitartekoak zorrotz zaindu behar izaten dira. Hori ona da noski, baina zenbaitetan estutasuna ekartzen du, epea bete beharraren bete beharrez, nahi adinako patxadarik ez izatea urrats bakoitzari behar duen denbora eskaintzeko. Lehen Ekonomia hiztegia egiteko behar izan ziren zortzi bat urte haietatik urrun gaude orain zorionez.

Erabilgarri dagoen materiala ere itxura gabe aldatu da. Hainbat eta hainbat euskal hiztegi argitaratu da urte hauetan, ekonomiako testuak landu dira euskaraz, inguruko hizkuntzetako hiztegiak eta liburuak askoz eskuragarriago ditugu eta kontsulta-bideak asko aurreratu dira datu-baseei esker.

Tresneria eta materialaz gain, jendearen prestakuntzan nabari da eboluzioa. Batetik, terminologiagintzari buruz lehen baino gehiago dakigu, gero eta jende gehiago dabil arlo batean nahiz bestean terminologi lanetan eta azken aldian denon arteko koordinazioa lortu nahian gabiltza, eta bestetik lehengo aldean euskal ekonomialari asko dago gaur egun.

Izan ere, lehen hiztegi hura egiteko arazoetako bat lantaldea eratzea izan zen eta oraingoan, berriz, alderantziz gertatu da, hiztegian parte hartu duten lankideak askoz gehiago izan baitzitezkeen, baina hainbeste aukera izanik eta lehen aipatu bezala epea bete beharrak eraginda, ezinezkoa izan zaigu guztiengana heltzea eta hemen adierazi nahi dugu ez dugula inola ere inor baztertu nahi izan, aldez aurretik ezarritako programa izan dela mugatu gaituena.

Eta testuinguru honetan gorpuztu da hiztegi berri honen proiektua Bilbao Bizkaia Kutxak, Gipuzkoa Donostia Kutxak eta Vital Kutxak lagunduta. Asmoa ekonomiako eta finantzetako terminoak berrikusi, osatu eta eguneratzea izan da, lehen hiztegi hartatik abiatuta, haren ikuspegi akademiko bera mantenduz, bereziki ekonomia orokorreko eta finantzetako terminoetan oinarrituz eta muga 3.000 termino inguruan ezarriz, lanaren praktikotasuna eta produktibitatea kontuan izanik.